23/3/09

EUSKARA MEMENTO

http://www.entzun.com/

Nolakoa da euskararen egoera orain egiten den musika gaztean? Krisi garaiak euskaraz abesturiko musika bereziki jotzen duela pentsa daiteke, ahulek nabarmenago pairatzen dutelakoan hondamendia. Baina kontua da erdal musikak garai komertzialki arrakastatsua orain biziko balu, beharbada egoera are kaltegarriagoa izango litzatekeela euskal musikarentzat. Esan al liteke, beraz, gure musikan halako sueten bat gertatzen ari dela krisiari esker?

Laurogeiko hamarkada urrezko garaia izan zen euskarazko rockarentzat eta jende asko bat eginik ageri zen, orduko estilo joerekin ez ezik baita orduko talde zein bakarlariek eskaintzen zuten hizkuntza ereduarekin ere. Baina liluramenduak ez zuen modu berean iraun hurrengo hamarkadan eta egun bizi dugunak badauka are “des-liluramendu” itxura ere, zenbaiten ustez. Zer gertatu da?

Laurogeiko hamarkadan lelo edota “kontsigna” askoren mezulari bilakatu zela euskal rocka, artistek ez baitzuten ia azaltzen euren barne mundua. Horren ispilu dugu orduan erabilitako hizkuntza eredua ere, bai euskaraz bai erdaraz. Kontua da jokaleku hartan euskara ez zela erdararen gibelean ageri, kontrako posizioan baizik: bazirudien erdarak baino adierazkortasun handiagoa erakusten zuela.

Euskara luzaro izan da hizkuntza menperatua, ondorioz laurogeiko hamarkadan erdara baino gauzago ageri zitzaigun, poetikoki, aldarrikapen zein kontsigna giro hartan. Ez Dok Hamahiru taldeak hogei urte lehenago abiaturiko nagusitasun poetikoaren segida modura ere uler genezake. Kantautoreen estiloarekin alderatuta, punk estiloa muturrekotzat hartzen da, baina euskararen erabilerak lehengo bera izaten jarraitzen du. Izan ere laurogeiko hamarkadan ez zen punk eredu linguistikorik sortu. Euskara batuari esker, ordea, hizkuntza estandarizazioa hasi zen gauzatzen, eta ez da gutxi. Garai hartan kimera bat izango baitzen eredu informal arrakastatsuak ugaltzea pretenditzea. Geroztik ikusi dugunez, zinez ari zaigu kostatzen euskal eredu informalak gainerako sorkuntza arlo batzuetan ere –dela fikziozko literaturan, dela ikus-entzunezkoetan– erdararen indar berberaz agerraraztea. Arrazoi asko dela medio, euskarak ez daukalako, orain, erdararen penetrazio ahalmen berbera, gazte zein underground kulturan. Eta kostatuko zaigu lortzea.

Laurogeiko hamarkadan, hara non, kontrakoa ematen zuen, baina kontua da orduko arrakasta linguistikoa kontsigna-rockaren ondorio zela. Garai hartan, baita ondorengo hamarkada hasieran ere, ohikoak izaten ziren, adibidez, taldekide erdaldunek osaturiko talde euskaldunak aurkitzea. Honek ezin zuen bukaera onik iragarri eta orain kontrakora ohitu behar izan dugu: espainolez edo ingelesez aritzen diren talde ugari daude, taldekide arrunt euskaldunek osaturik.

Artistek eurek hizkuntza bera estetika gisa ulertzeak ez luke inor harritu behar, gazte zein underground kulturan. Hortik, beraz, erdarak hartu duen indar berria, lelo edota kontsigna garaia itzali ostean. Ondorioz euskaraz ezer gutxi dagoela ematen du orain, baina era berean esan genezake dagoena oso egiazkoa dela, agian beste inoiz baino egiazkoagoa. Barne-zintzotasun idiomatikoaz ere hitz egin genezake. Itxuraz, belaunaldi berri hauek barne-zintzotasunaz baino ez direlako euskaraz aritzen, musika egitean. Bestela erdaraz arituko baitira, lasai asko. Berdin gertatzen da audientziaren ikuspegitik ere: orain badira euskal belaunaldi berriak, noski, euskarazko musika jaso eta sustengatzeko prest daudenak. Kontua da orain –lehen ez bezala– bukatu egin dela hizkuntzari konpromisoz eustea, batez ere gazte zein underground jarreretatik.

Betikoa da: medioa mezu. Euskarak estetika gisa funtzionatu zuen laurogeiko hamarkadan eta aurrerantzean ere funtzionatuko du, euskaldunoi balio baitigu kanpo zein barne munduak adierazteko. Kontua da egungo belaunaldi gazteek hizkuntza molde berriak egokitzeko behar duten tarte honetan erdal musika ere krisi gorrian egotea ez dela gerta dakigukeen gauzarik txarrena. *

ONDORIOZ EUSKARAZ EZER GUTXI DAGOELA EMATEN DU ORAIN, BAINA ERA BEREAN ESAN GENEZAKE DAGOENA OSO EGIAZKOA DELA, AGIAN BESTE INOIZ BAINO EGIAZKOAGOA

No hay comentarios: