Analisia - GARA
Musikaren hamarkada edo azken hamarkada musikan. Hamarkada joan da eta, ohi den bezala, musika arloko kazetariek euren balorazio, hausnarketa eta iritziak bota dituzte. Hamarkadako onenak, apartekoenak, the best, eta top-ak Euskal Herrian zein kanpoan. Horietariko bi gogoeta hautatu ditut, biek ala biek egurra eman dietelako igaro dugun musikaren hamarkadari. «Musika modernoaren historiako hamar- kadarik inpertsonal eta deprimenteena itxi dugu» (P.C.) edo «mende berriak ez digu, lehen hamar urte hauetan, inolako musika paradisurik eskaini… baina non ostia ari da zerbait gertatzen orain?» (F.E.). Ez da batere erraza musikaren azken hamarkadaren laburpena bi lerrotan egitea eta goitik behera asmatzea definizioan. Entretenimendurako musikaren industriaren menpe egon gara ia beti, eta horrek, bi hitzetan, ideia aurrerakoien berreskurapen politikoa dakar, eta guztiaren merkantilizazioa. Musikaren industriak arrandiaz erakutsi digu bere aurpegirik inozoena. Baina egun bakoitzak bere minutuko distira izaten duen legez, salbuespenak beti gerta daitezke. Beste batzuek, entretenitzeaz gain, gizarte kapitalistari hortzak erakustearekin batera, koska eta atzaparka nola egin erakutsi digute. Musikaren azken hamarkadak, aurrekoek eskaini diguten antzeko lokatzetan sartu gaitu. Industriaren «merkadotekniak» musikan ere erabili du bere estrategiarik zorrotzena, promozio komertziala, alegia, gure bizitza simulakro bihurtuz eta denok amu berean erori gara, noiz edo noiz. Pentsamenduaren baldintzak kaskartzen joan dira, nahiz eta saldu, eta azaldu, nahi digutena justu kontrakoa izan. Menperakuntzaren ametsetara bota gaituzte, hala eta guztiz ere, eta noizbehinka, badira uneak purrustadak botatzeko eta «intransigentea» izateko inolako amorerik eman gabe. Hamarkada guztietan ekoitzi dira zaborra bezain higuingarriak izan diren abestiak. Zaborrarekin estali nahi izan digute beste guztia, baita garairik hoberenetan ere. Musikaren egiaren erreferente bezala ez ditut hartu nahi, baina musikaren azken hamarkadan distantzia handi bat jarri dute entretenimendurako eta jolaserako musikarekiko. Zabor zaparradaren artean tanta apurtzaileak badira. Lau adibide, baina gehiago ere badira. Lau emakume. Lau emakumeen artean diferentzia kultural bortitza dagoen arren, euren diskoek botere egiturari aurre egiteko erresistentzia soinu eta melodiak sortu dituzte XXI. mendearen musikaren lehen hamarkadan. Musika elektronikoaren gupidagabeko zaztada amorratuak. M.I.A. tamilak muturreko gatazkak ditu hizpide bere abesti hip-hop elektroniko sutsu eta latzetan. Robyn suediar neskaren elektronika eta poparen ikuspegi zuzena. Gose taldeko Ines, goxo eta mingain zorrotz. Maite Arroitajauregi Musergo taldearekin klasikoaren apurtzailea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario