26/11/10

Nahitaezko musika entzutera behartuak

Ritxi Aizpuru GARA

Edozer dela egiten dena derrigortuta, ez norberaren kasa, baizik eta norberak eskatu gabe edo desiratzeke, gizabanakoaren instintua apurtu egiten da, eta une horietan gizabanakoak ezin du aurkitu bera den subjektua eta horrek darama pertsona hori neurosi ukitu bat izatera ezin duelako bere menera eta espontaneoki bizi. Kanpotik (ez geure barnetik) datozkigun estimulu asko jasangaitzak izan daitezke. Entzierroetan zezenak hamaika estimulu eduki arren, ez doaz adarkadaka euren onetik aterata, bestela korrikalarien artean hildako kopurua handia izango litzateke. Agian neurosi horrek eragiten die zezenei ez jotzera erasora. Baina zezenak, gizakiak bezala, erotu egiten dira kanpoko orotariko estimuluekin. Zezenek, ordea, ez dute aukerarik psikoanalisirako (zertarako gizakiok ere psikoanalisia?) euren gatazka neurotikoa konpontzeko ez dute betarik (zelai zabalean aske uztea baino ez), heriotza zigorrera kondenaturik daude gizaki batzuen plazererako. Gizakiak ordaindu behar duen estimulu zergak ez darama zuzenean heriotzara, baina askoren erabakia da psikoanalistara joatea honek askatuko duelakoan, gizartera eta gizarteak jartzen dituen arauetara egokitu behar du. Psikoanalisiak duen zeregin nagusia giza-ordenari babesa eskaintzea da ez dadin ezer mugitu gizarteak jarri duen (indarrean) giza-ordena. Gizarte industrialaren gaitzik sakonenean geratuko da gizakia, galdu egingo du izaera hori, alienatuko duelako. Oparotasunaren gizartean kutsadura akustikoa oparoa da. Hegazkinak, autoak, kamioiak, lan-tresnak, zuzeneko musika ekitaldiak...

Edozein musika motak soinua ateratzen du. Musika nahita edo nahigabe entzun daiteke. Zergatik entzuten du pertsona batek musika? Nahi duelako, gustatzen zaiolako... Xabier Erkiziak dio pertsona batek entzuten duen musikaren erdia baino gehiago nahitaez entzundakoa dela. Norberak eskatu gabeko musika gero eta gehiago entzun behar dugu. Musikaren boterea oso eraginkorra da. Musikak subjektuaren identitatea egiteko indar nahikoa du. Musika jakin baten altzora jende asko datorrenean musika-komunitateak sor daitezke, garai bateko «kaleko tribuak» (heavyena da eragin eta fidelizazio-tasa handiena izan duena), eta horrek kontsumo ereduetan zerikusirik ere badu. Zergatik dugu gustuko musika bat? Nahiz eta gustukoa dugun musika hori, zenbat aldiz entzun behar da tartean inolako eskakizun propiorik egon gabe? Multiek euren diskoen kanpainak bultzatzeko, hainbat azterketa egingo zituzten jendeari ahoko zulora (belarri zulora) eramateko musika. Segun zer musika entzutera «derrigortzen» gaituzten identitatearen homogeneizazio batera etor daiteke jende-masa handia eta hemen agertuko da pertsonen alienazio eta gatazka neurotikoa. Zer entzun?

No hay comentarios: