GARA
Rock musikaren munduan estereotipo asko dago diskoetxeetako jendeari lotuta. Kasik rockeroekin lotutakoak adina. Musika bost axola eta dirua irabazteko sortzaile gazte eta «garbiak» perbertitzen dituzten mertzenarioak direla; bere luxuzko bulegoetan munduan entzungo dena erabakitzen duten izaki boteretsu eta zinikoak, bestela; edo besterik gabe, behin arima deabruari saldu eta orduz geroztik musikari «bihotz onekoen» ametsak birrintzen plazera hartzen duten demonioak. Gutxitan entzungo duzu diskoetxeetako jendearekin lotutako hitz goxorik. Eta ez pentsa, gure txikira ekarrita antzekoa da, eskalan jarrita jakina, euskal diskoetxeetako jendeaz entzun eta zabaltzen direnak.
Bat baino gehiagok epelak botako zituen, adibidez, Xarrarengatik, poesia eta musikazaletasunak bultzatuta musikarion ego «puztuen» oihan basatira bete-betean jauzi egin zuen lagunarengatik. Nola bururatu ote zitzaion ilea urdintzen hasitako gizon honi bere dirua, denbora eta osasuna diskoak argitaratzen xahutzea! Zorionez, horrelakoetan logikak ez du funtzionatzen eta badira Xarra bezalakoak. Gutxi, baina badira. Guztiok espero duguna egin beharrean, gustuak, usteak edota jakin ezazu zein deabrutxo bihurrik agintzen diena egiten dutenak.
Bidea non hasten den bai, baina inork ez daki non bukatuko den. Aurreikuspen guztien kontra arrakasta lortu zuen Xarrak, arrakasta bada disko batekin irabazitakoa beste bost disko kaleratzen gastatzea. Mugalari trebea izanagatik ere, ezin muzin egin merkatuaren legeei. Denbora gutxian katalogo bikaina biltzea ez da zorte kontua, ez pentsa. Lan handia behar da. Bihotza gogortuko zitzaiola bidean? Noski, baina ez behar beste. Diskogintzan dirua behar da, diru asko, ametsei forma emateko. Asmo onek «omeoprazol» gehiegi eskatzen dute bere horretan utzita; eta norbaitek gogoratu behar hori, lainoetatik zintzilik dabiltzan artista hauei.
Agian oker nabil, baina uste dut gustu apur bat hartzen duela Xarrak horrelakoetan. Ez da sadikoa delako, lanbidez irakaslea delako baizik. Irakaskuntzaren alde hezitzailea praktikara eramateko biderik hoberena: norbaiti begiak zabaltzea! Klase emandako gazteren bati galdetu behar nolakoa den eskolan... baina diskoak egiten, planeatzen, imajinatzen, zorrotza eta era berean eroa izatea komeni da. Praktikoa bezain «bisionarioa», teilatutik eta zimenduetatik, bietatik eraikitzen hasten dira diskoak, eta horretarako, zaila izango da Xarra baino kide hoberik topatzea. Eta oso prozesu nekagarria da. Oso luzea. Ez sinetsi diskoa egiten gozatzen aritu dela dioen musikariari.
Dena dela, eta bukatu baino lehen, bada zerbait sekula barkatuko ez dioguna Xarrari, gure konplot guztien tabernari ez denetik gu umezurtz utzi izana. Ez da harritzekoa aspertua egongo zen hainbeste «espanturekin». Horman zintzilik jarraitzen duen motoa da horren lekuko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario