26/12/11

Katilu tabernari eraso egin diote
Algortako Euskal Herria kaleko Katilu tabernaren aurka hiru harri bota zituzten pasa den asteazkenean hainbat ezezagunek. Harriek ez zuten lokaleko leihoa apurtu baina beiran seinale utzi dute. Horretaz gain, erasotzaileek "Esko nazis ez!" (sic) zeritzon pintaketa egin zuten tabernako kanpoaldean. Ostatuko zenbait bezerok UKBERRI.NETi esan dionez, erasoa asteartea eta asteazkena arteko gauean burutu zen, goizaldeko 00:10ak eta 00:30ak bitartean. Izan ere, lehenengo orduan tabernariek lokala itxi eta alde egin zuten eta bigarrenean auzokide batek gertatutakoaren berri eman zien. Lokaleko arduradunek pintaketa ezabatu eta "naziak ez garela" argi utzi nahi izan dute. Tabernako bezeroen ustez, "erasoa oi musika munduan azken urteotan eman den gatazka politikoarekin lotuta egon liteke, baina kasu horretan burutu duena oso erratuta dago, hemengo jabeak ez baitira ez naziak, ezta oi-ak ere, eta ez jakiteagatik ez dakite ezta Des-Kontrol-ekoak nortzuk diren". Argazkian, Katilun egindako pintaketa.